Karearen erabilera gora egiten ari da berriro ere. Hainbat arlotan zementuak baino ezaugarri hobeak eskaintzen ditu, batez ere osasuna eta ekologia kontuan hartuz gero. Karegintza tradizionala lanbide zaharra eta ia galdua da. Garai batean, ordea, baserri gehienetan urtean behin edo birritan egin beharreko zeregina zen.
Eraikuntza eta mantenu lan beharren eta lur-mota ezberdinen araberakoa izaten zen. Lur batzuek beste batzuek baino kare behar handiagoa izaten zuten. Ingurune horietan langintza hau oso hedaturik egon zen eta ia baserri guztiek izan zuten karobiren bat, eta batzuek bi. Karobi inguruko lana oso gogorra izaten zen. Sarritan, baserri baterako karea egiteko, ondokoen laguntza beharrezkoa izaten zen. Karobia suturik zen bitartean, bertan etengabe lanean egon behar zutenez, jatekoa etxetik prestatuta eramaten zieten.
Karea egiteko moduak
Tradizionalki karea egiteko bi era egon dira:
Lehenengo modua: kareharria karobi barruan harrizko arku baten gainean pilatzen zen. Ondoren, ganga horren azpian egurra erreaz, kareharri guztia erretzen zen.
Bigarren modua: karobian egurra eta kareharria tartekatzen zen. Zenbait lekutan azken honi arragoa zeritzon eta aurrekoari zakarrezkoa.
Egurra eta kareharria tartekatutako karobia (arragoa edo frantses-karobia)
Karobi hauek lauzpabost metroko altuera zuten eta oinarrian metro inguruko diametrodun zirkunferentzia. Behealdean, atakaren parean, burdinazko parrilla bat izaten zuten. Parrilla horren gainean karobia kargatzen zen. Lehenengo betealdian otia erabiltzen zen. Ote hori ondo zapaldu ondoren, gainera abar meheak botatzen zitzaizkion.
Dena ondo trinkotutakoan, pago edo gaztaina enbor zatituak sartzen ziren zuloa estali arte. Otea sututakoan hauek ere sutan jartzen ziren. Hasieran kea zuri-zuria zen. Handik ordu batzuetara keak azaltzen zuen kolore urdinxkak karobi-zuloa nahikoa berotuta zegoela adierazten zuen.
Ondoren, kareharria botatzeari ekiten zitzaion; honen gainean berriro enbor zatituak. Horrela, egurra eta harria tartekatuz, karea erretzen zen. Erretzen ari zen bitartean, karobiaren behealdeko atakatik, erretako kareharria ateratzen zen. Behealdetik karea atera ahala goialdetik harria eta egurra gaineratzen ziren. Zeregin honek, bildutako harri eta egur kopuruaren arabera irauten zuen.
Karobi batzuek, bi motatakoek, kanpoaldean, atakaren aurrean, aterpea izaten zuten, teilatu eta guzti, langileak babestu aldera. Aterpe honetako hormetan, leihatila modura (arasa) egindako zuloetan, janaria, edaria edo lan-tresnak gordetzen ziren.
Karobi arkuduna (zakarrezkoa edo zakar-karobia)
Karobia beti bide ertzean zegoen muino batean egiten zen. Muino horren gainera erraz igotzeko bidea egoten zen eta goialde horretatik kareharria botatzen zuten. Muino horren kontra karobia izango zen zuloa egiten zen. Zulo biribil horren horma, gehienetan, kareharria ez den harriz egiten zen, hareharria batik bat.
Karobiaren barruan, lurretik metro batera edo, hormak irtenune bat izaten zuen buelta osoan. Honi deja edo erlaitza esaten zioten. Karea erretzeko ganga eraikitzeko lehenengo harri ilara ertz horren gainean jartzen zen.
Ganga honek bere azpialdean egur-sortak erretzeko adina leku izan behar zuen, metro inguruko altuera alegia.
Erregaiaren hautsa geratzen zen barreneko guneari, hautsontzia esaten zaio.
Muinoaren behealdean, arku modura, harriz egindako ataka bat izaten zen. Sarrera honen azpialdean, lur azpitik, kañua edo tunela egoten zen. Honek, egurra erretzen zen lekutik kanpoaldera, hirutik sei metro bitarteko luzera izan zezakeen. Tunel honek bi funtzio nagusi zituen; batetik, erretzen zen egurraren hautsa bertatik atera ahal izatea, eta bestetik, karobiak arnasa hartzea, erregaiari behar zuen haize tiroa emanez.
Karegileen eginbeharrak
HARROBITIK KAREHARRIA ATERA
Kareharria harrobitik ateratzen zen. Barrenuak erabiliz, harri artean zuloak egiten zituzten. Zulo horietan
dinamita sartzen zen, metxa jarri eta eztanda eginez harriak zatitzen ziren. Behin harri zatiak prest izanda, idi, zaldi zein behiekin gurdi edo leretan kareharria karobi ondora eramaten zuten.
ERREGAIA PRESTATU
Erregai gisan pago edo gaztaina adarrez egindako egur sortak erabiltzen ziren normalean.
KAROBIA BETE
Hasteko, karobi barruan kareharrizko ganga bat egiten zen. Gangaren lehenengo harri ilara buelta osoan dejaren gainean ipintzen zen. Amaieran, arkua giltzarriaz ixten zen. Suak arnasa har zezan, tartetxoak uztea komeni zen arkuko harrien artean. Azkenean, karobiaren goialdean, meta modura, lur gainetik metro inguru igotzen zen harri piloa egiten zen.
-Karobia kareharria botatzeko prestatzen egurrarekin beteta (Iturria: marrazki.blogspot.com.es)
SUTU
Ganga gaina kareharriz beteta zegoenean, azpian egur abarrak sartu eta su ematen zitzaion. Abar sortak urkilarekin atakatik sartzen ziren. Karobiaren neurriaren arabera, hiru egunetik bostera egiten zuen kareharriak erretzen.
Karobi ondoan errekina bota eta kainutik hautsa ateratzen gau eta egun egon behar zen. Tuneleko lan hori egiteko, gizon bat sartzen zen bertatik eta palarrarekin ateratzen zuen egur erreak lagatzen zuen hautsa. Karobiko lanak egiteko gutxienez bi-hiru lagun behar ziren elkarrekin lanean. Hauei txanda egiteko beste bi edo hiru.
-Piztu eta sei bat ordu pasa ondoren, lehenengo karea ikusten hasten da beheko ahoan (Iturria: marrazki.blogspot.com.es)
Behin lauzpabost egun pasa ondoren, karea eginda zegoela jakiteko, gaineko harri meta hartatik azalekoa baino barruragoko harria hartzen zen eta ur pixka bat botata ikusten zen ondo erreta zegoen ala ez, ura botaz gero harria bigundu eta hauts bihurtzen baitzen. Zuri-zuri ateratzen zenean karea eginda zegoen seinale zen.
KAROBIA HUSTU
Erreketa amaitutzat ematen zenean, ataka itxita egun batzuetan hozten lagatzen zen. Materiala ateratzeko moduan zegoenean, barruko ganga hura jausi egiten zen. Atakatik, aitzur edota horzbikoak erabiliz ateratzen zen harri errea kanpora. Karea, otzara edo banastak erabiliz gurdietan kargatzen zen, edo bestela kanpoaldean piloak eginda utzi. Karea egiteko sasoirik onena udaberri ingurua zen, soroetan eta botatzeko premia udaberrian eta udan izaten zelako.
-Karea ateratzeko bost bat egun itxaron beharra dago, dena ondo hoztu eta gero. Tximinia eta inguruak zuri geratzen dira karea atera ostean (Iturria: marrazki.blogspot.com.es)